Wednesday 30 September 2009

EHIZA DENBORALDIAREN HASIERA


Debeku erdiko ehiza denboraldia urriak 1ean hasi zen Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan. Bizkaian, berriz, aste bat beranduago hasiko da. Debeku erdiko sasoi honetan, azeriak, galeperrak, usapalak, usoak, mikak, belabeltzak eta belatxikiak ehizatzeko aukera izango dute ehiztariek, horretarako prest dauden zelaietan.

Dena den, aurten, Arabako ehiza barrutietan inoiz baino zaintzaile gutxiago izango da. Izan ere, ACCA Arabako ehiza esparruen elkarteko zaintzaile gehienek grebara joko dute, Arabako ehunka ehiza barruti zaintzarik gabe utziz. Hala, debeku erdiko ehiza baimenduta dagoen egunetan, urriaren 12ra arteko ostegun, larunbat, igande eta jaiegunetan hain zuzen, ez da ACCAko ehiza barrutietan zaintzailerik izango.

Grebaren oinarrian, aspalditik eskean ari diren baldintza ekonomikoak daude. Izan ere, ACCArekin sinatu beharreko 2008-2009ko lan hitzarmenaren negoziazioa ez aurrera eta ez atzera gelditu da. Horregatik, ekainetik ACCAko zaintzaileek hainbat mobilizazio egin dituzte lan baldintza hobeak eskatuz. Besteak beste, antzinatasuna aitortzea, oinarrizko soldataren igoera eta KPIren urteroko igoera nahi dute.

Zaintzaileek jakinarazi dutenez, hamar langiletik zortzik grebarako deiarekin bat egingo dute. ACCA eta zaintzaileen arteko gatazka handituz joan da, eta grebalariek azken asteetan ehiza esparru elkarteari leporatu diote «jarrera erasokorra» izatea eta «legez kanpoko errepresio politika» erabiltzea. ACCAk debeku erdiko sasoirako «Arabako inguru naturala ezagutzen ez duten zaintzaileak» kontratatu dituela ere salatu dute grebalariek.

Hori dela eta, egoera «kontrolik gabe» gera daitekeela uste dute ACCAko zaintzaileek. Haien lana da ehiztariek legea behar bezala errespetatzea. Hau da, baimena duten frogatzea, debekatutako animalia espezierik ez harrapatzea, behar baino pieza gehiago ez ehizatzea...

Egoerari aurre egiteko, Arabako Foru Aldundiak zaintza «indartu» egingo duela jakinarazi du. Debeku erdiko denboraldiak irauten duen bitartean, gaurtik irailaren 13ra, Aldundiko basozainek, orain arte ez bezala, ehiztarien jarduna zainduko dute. Hala ere, ACCAko zaintzaileen ustez, Aldundiaren langileak ez dira nahikoa Araba osoko ehiztariak kontrolatzeko. Horren harira, zaintzaileek salatu dute nahiz eta Araban askoz ehiza barruti gehiago egon Bizkaian eta Gipuzkoan baino, zaintzaile gutxiago daudela. Lan hitzarmenaren blokeoak eta ondoriozko grebak ingurumenari kalte egingo diola iritzita, Foru Aldundiari eskatu diote ACCA eta zaintzaileen arteko gatazkan inplikatzeko.

Ekologistak Martxan elkartea grebak animaliengan izan dezakeen eraginaz kezkatuta azaldu da. Arabako Foru Araua betetzeko eskatu die talde ekologistak ehiza barrutietako arduradunei, eta Foru Aldundiari, berriz, Foru Araua betearaz dezala. Testuaren arabera, «ehiza barruti bakoitzak zaintza zerbitzu propioa ezarri beharko du, eta Aldundiak gutxiengo zaintzaile kopurua ezartzeko aukera izango du».