Friday 25 March 2011

Aste Santua

Aste Santua, kristau-erlijioan, Erramu-igandean hasten eta Larunbat Santuan bukatzen den astea da, Jesukristoren nekaldia eta piztuera ospatzen dena[1]. Kristauen artean liturgia-jarduera handiko aldia da. Zehazki Erramu-igande eta Larunbat Santu artean ospatzen bada ere, badaude aurreko ostiraletik eta Berpizkunde-igandera arte ospatzen dutenak.

Aste Santuaren aurrean Garizuma ospatzen duten. Ostiral Santuko eukaristian Jesusen Gurutziltzaketa eta Berpizkunde-igandeko bezperan Berpizkundea ospatzen dituzte. Horretarako herri-erlijiotasuna azaltzen duten ekintzak burutzen dituzte munduan zehar, esaterako Prozesioak edo Pasioaren antzezlanak.

Aste Santua Gipuzkoan Gaur egun jai hau Gipuzkoako hainbat herritan ospatzen jarraitzen da, dagoen fedeari, ohiturari edota errotzeari esker. Herri ezberdinetako ospakizunak azaltzen dizkizuegu, Gipuzkoan Aste Santua nola bizitzen den adibidea delarik.


Aste Santuko jaia 325. urtean Nizeako Kontzilioan ezartzen da, Konstantino Enperadorearen eskutik. Udaberriko ekinozioaren inguruan ospatzen zen Urte Berriko jai zaharra ordezkatuz.

Orain dela 40 urte arte, Gipuzkoako herri gehienetan prozesioak burutzen ziren. Baina ohituren aldaketak direla eta hauetako gehienak desagertu egin dira, nahiz eta kasu batzuetan berreskurapen lan handia egiten ari diren.

Hondarribia:

* Hondarribiak ere oso berezian ospatzen du Aste Santua. Ostiral Santuak eta Piztuera-Igandean antzinako erritualak gordetzen ditu, bertan herritarrak parte hartze garrantzitsua izaten dutelarik. Ostiralean, arratsaldeko 17:00etan, Parroki Elizan herritarrak biltzen dira Kristo gurutzatuaren jaitsiera ikusteko asmoarekin. Errezel beltz handi batek bost metrotako gurutze bat gordetzen du. Piztuera-Igandean “ttopara” edota topaketaren prozesioa antzezten da. Goizeko 10:00etan jendez beteriko eta lorez apainduriko elizan elizkizuna hasten da. Apostoluak aldarearen bi alboetan kokaturik daude, eta elizara ustez Jesusen hilobia zaintzen ari diren erromatarrak sartzen dira. Apaizak Jaunaren pizkundearen berri ematean: “gloria in excelsis deo..”. Erromatarrak zerraldo erortzen dira lurrera. Kanpainak eta suziriak entzuten dira, bitartean zenturionak, azkeneko ahaleginean, bere tropela berpizten saiatuko da. Azkenean lurrera erortzen da eta herri guztiak berpiztutako Jesusi abesten dio.

Azkoitia:

* Azkoitiko Aste Santuak ere tradizio handia du, XVI. mendetik etenaldi gabe ospatzen den jaia. Ostiral Santuko gaualdean burutzen den “Ehorzketa Santuaren” prozesioa da aipagarriena. Bertan “Kristoren Hilobiak” eta “Dolorekoak” “Armatus”-ez (erromatar soldaduak) zaindurik eta isiltasun hunkigarri batean murgildurik herriko kaleak zeharkatuko dituzte. Isiltasun hau “Armatus”-en lantzen kolpe hots bortitzak hautsiko du.

Segura:

* Seguran ospatzen dena xumeagoa baina aldi berean hunkigarriagoa da. Ostegun eta Ostiral Santuan kalitate bikaineko 10 Paso kaleratzen dira. Aipatzeko beste Pasoa San Migelena da, zeinek ibilbidean zehar esku batean ezpata eta bestean ezkutu bat dituelarik, noizean behin dantza antzeko bat egiten du. Kaleratzen diren irudietan ustez Martinez MontaƱes-ena den Kristo Gurutzatua da aipagarriena.

Pasaia:

* Pasai Donibanek Gipuzkoan ospatzen den Aste Santuaren ospakizun bitxia eskaintzen du. Prozesioak, alboko badiaren uhin xumearen hotsean murgildurik, herriko kale estuak zeharkatzen ditu. Lepakariek daramaten pausoen pisua jasateaz gain, ibilbidean dauden arkupeak zeharkatu ahal izateko makurturik joan behar dira.

Ekitaldi garrantzitsuenen ordutegia:

* Ostegun Santua:
o 17:00etan: Segurako Prozesioa.

* Ostiral Santua:
o 16:30etan: Seguran Nekaldia, Jeitsiera eta Prozesioa.
o 17:00etan: Hondarribian Nekaldia, Hitzaldia, Jeitsiera eta Prozesioa.
o 20:30etan: Pasaia Donibanen Ehorzketa santuaren Prozesioa.
o 21:30etan: Azkoitian Prozesioa.

* Pazko Igandea:
o 10:00etan: Hondarribian “Erromatarren erortzea eta Ttopara”.

No comments: